ZER DA LEKAIO KULTUR ELKARTEA? Gure herriaren kultura maitatzeaz gain herri honetan kultur adierazpen desberdinak mantendu eta aurrera egin dezaten sortu den taldea. Lehenago zeuden oinarriak aprobetxatu eta oztopoen gainetik eraberriturik eta berrindarturik dagoen taldea.

2009/12/24

EGUNKARIA LIBRE !


LEKAIO kultur elkarteak EGUNKARIAREN ALDEKO ekimenak antolatu ditu. Urretxu eta Zumarragako beste elkarte eta taldeen babesa eta laguntzarekin batera bilerak egin eta ondoren, elkarretaratze bat antolatu zen abenduaren 12an, eta Santa Lutzi azoka egunean, kamisetak salgai jarri, pankartak ipini, eta egoeraren informazio oharrak banatu ziren jendeartean. Handik aste betera Bilbon manifestazio erraldoia burutu zen egunkariaren alde.

2009/12/06

IRIMOKO IBILBIDEAK


LEKAIO kultur elkarteak Irimo mendebaldean 17 toponimia harri kokatu eta ibilbideak prestatu ditu auzolanean. 2010eko udaberrian hasiko da bigarren fasea, Neberako inguruan lanari ekingo zaio. Iturri berri bat ere eraiki dugu mendebalde gunean. Urretxuko naturgune garrantzitsuena Irimo denez, informazio zabala eskaintzen du herriaren nortasunari buruz, toponimia, hizkuntza, ondare historiko eta etnografiko arloetan. Udaletxean aurkeztutako proposamena, eta bere babesarekin eta Goimen eskainitako dirulaguntzarekin burutu izan dugu ekimena. Momentuz pozik gaude egindako lanarekin, Irimoko bideak seinalaturik daude, eta guztion berri bertako toponimiaren bitartez izango dugu. Aurrera begira asko dago egiteko, baina bide beretik joaz lortuko dugu. Mila esker auzolanean aritutako kide guztiei.

2009/10/10

LOURDES IRIONDOREN OMENEZKO KANTALDIA


Urtero bezala LEKAIO kultur taldeak Euskal Kantuzaleen Elkartearekin batera elkarlanean, kantaldi berezi bat antolatu dugu Urretxu-Zumarragako LABEAGA aretoan. Bertan, Kantari gazte ezberdinak parte hartu zuten, eta nola ez herritarrak, Madina ahizpak eta ikastolako bi gaztetxo, Oihane Toledo eta Xabier Barriolarekin batera. Guztiek emanaldi xume eta xarmangarria egitea lotu zuten.

IKUSI BIDEOA

2009/09/22

URRETXUKO EUSKAL JAIA: 50 URTE




Aurten, Urretxuko Euskal Jaiak 50 urte bete ditu. Lekaio kultur elkarteak ospakizun honetan hainbat ekimenetan parte hartu du: txistulari kontzertuan bere erraldoiekin, erraldoi eta buruhandien kalejiratan, artisauen erakusketan, karrozen desfilean,... eta besteak beste euskara erabiltzeko kanpaina berezi bat bultzatu du, pegatina bat aurkeztuaz. Jai batzordeko partaide guztiak bat egin zuten aldarrikapen honekin eta Udalak artu zitun bere gain pegatinen gastu guztiak.
Euskal Jaia osasuntsu dagoela argi dago, herritarren parte hartzea oinarrizko zutabea dugu Urretxun.

2009/09/14

DESKARGAKO BANDOLEROAK: BURUHANDI BERRIAK


LEKAIO kultur elkarteak 2009an buruhandi berriak egiteari ekin zion. Gure asmoa, buruhandi konpartsa herriarekin lotura izatea zen, eta hainbat aukera aztertu ondoren, DESKARGAKO BANDOLEROAK egitera animatu ginen. Panpin berriak oso erakargarria dira, egilea Mikel Ibarzabal izan dugu, taldekide eta laguna. Buruhandi berriak egiteaz aparte gaia ondo landu zen, azterketa historikoa egin, teknikariekin elkarrizketak izan genituen, tartean Urretxuko artxiberoarekin Koldo Argandoña, Zumalakerrigo museoko zuzendariarekin Mikel Alberdi, eta David Zapirain idazlearekin, "bandoleros vascos" idatzi zuena. Guztiek informazioa eskaintzaz gain oso lagungarriak izan ziren gure proiektuan.
Buruhandi berriak egitearekin batera herriko histori zati bat aurkeztu nahi genien gure herritarrei, eta batez ere gaztetxoei, horretarako bi ekimen berezi antolatu genitun.
- David Zapirainen hitzaldia
- Buruhandi berrien "deskargako bandoleroak", aurkezpena ekitaldi berezi bat antolatuaz. Ekitaldi honetan herriko hainbat talde eta norbanako parte hartu zuten, musika jotzen, antzezlanean, bertsotan, kantuz, irakurgaiak egiten, argazkiak eskaintzen,...
Mila esker, proiektu honetan parte hartu duten herritar guztiei.
Dagoeneko buruhandi berriak hor daude prest, kalera irten eta gaztetxoen eta helduen ikara sortzeko.

2009/06/06

KULTUR IBILALDIA 2009: LIZARRA-SARTAGUDA-IRUÑEA


Aurten ere, beste kultur ibilaldi bat antolatu dugu beti ere, herritarrei Euskal Herriaren geografia, historia eta kultura gertutik ezagutarazteko helburuarekin. Bidai honetan Nafarrora jo genuen, eta ibilaldian zehar nabarraldeko historialari baten laguntza eta azalpenak jaso genituen: MIKEL SORAUREN.
Lehen geltokia Lizarran izan genuen. Bertako historia eta monumentuen informazioa eman zigun. Ondoren Deioko gaztelura igo ginen, paisaia zoragarria eta pare parean Jurramendi, hainbat guda ezagutu duen mendia. Bazkal ondoren Sartagudako parkera, 1936ko gerran erahildutakoen omenez egindako parkea. Amaitzeko berriz Iruñean eman genituen azken traguak. Giro ederrean, gure Euskal Herriaz zerbait gehiago ezagutzeko aukera on bat.

2009/05/10

HERRI URRATS 2009


Gure herriko euskalzaleek beste urte behin iparraldeko ikastolen aldeko jarrera azaldu dute. Gure aldetik autobusa antolatu dugu eta Senperera joateko gonbitea luzatu diegu herritarrei zein herriko ikastolako ikasleei.

2009/03/07

URRETXUKO ERRALDOIAK AMIKUZEKO IHAUTERIETAN


Martxoaren 7an Donapaleura joateko gonbitea jaso genuen Amikuzeko KILIMON kultur elkartearen eskutik. Kultur elkarte honek bere 25. urteurrena ospatzeko sekulako egitarau berezia antolatu zuen Donapaleuko ihauterietan, eta hor ere gure ekarpena guztiz positiboa izan zela esan dezakegu. Giro ezin hobean, hainbat konpartsarekin batera, asteburu osoa igarotzeko beta eman ziguten, eta ez genuen ez aukera hori galdu. Gure erraldoiek kalejira guztietan parte hartu zuten, eta giroa alaitzeko Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin kantuz eta dantzan jarri genitun inguratutako guztiak.
Ez dut uste berehala ahaztuko dugunik bertako jaia, eta gutxiago ere Kilimon eta beste konpartsetako lagun eta adiskideak.

2009/02/01

AMAIUR 1512-2012: NAFARROAREN KONKISTAK 100 URTE



LEKAIO kultur elkarteak Amaiurren antolatutako ekitaldearekin bat egiteaz gain, Urretxuko Udaletxeari helarazi dio bertara joateko gonbitea, eta deialdiarekin argitaratu den IDATZIA sinatzeko proposamena. Horrela dio Urretxuko Udalak onartutako proposamena:
1. URRETXUKO Udalak, duela 500 urte Nafarroaren, hau da, gure Estatuaren independentzia defendatu zutenei agur eta ohore egin nahi die. Hortaz, duela bortz mende Tuteran, Lizarran, Burgin, Donibane Garazin, Garruzen, Noainen eta bertze anitz lekutan gure libertatearen sugarra babesteko borrokatu zirenak omendu nahi ditu. Amaiurko gazteluan Nafarroaren independentziaren alde bere bizitza eman zutenen kemena gogoan, Amaiurko herriaren deialdiari jarraikiz, euskaldun guztion Nafarroa bizirik dela aldarrikatzen dugu.

2. Udal/Kontzeju honek bat egiten du 1512eko konkistaren bosgarren urtemuga gogorarazteko abiatuko diren ekimenekin eta, bere ahalen arabera, laguntza eskainiko die.

3. Amaiurko herriak 2009ko otsailaren 1erako egina duen deiarekin bat egiten dugu eta gure ordezkaritza igorriko dugu bertara, Amaiurko herriaren aldarrikapena gure egin dugula jakinaraz dezan.